Oporretan Wikikunde proiektuarekin itzuli gara.
Oporrak wikiorriak sortzeko.
Behin oporretan hasita, martxoan Joxe Angel Urkiaren laguntzaz Araotzen, eta Joseba Abaituarekin Kanpezun egin nituen bixitetan jasotako informazioa wikipediara igotzen hasi naiz.
Muxikara bixita bat programatzen ere saiatuko naiz, udazkena hasi baino lehen, denera 20 bat gune txiki berri ekartzeko.
Zer da Wikikunde proiektua?
Euskal Herrian, dozenaka eta are ehundaka toki daude, baserri auzoak, kontzeju eta elizateak, apenas dutenik informaziorik Wikipedian.
Esate baterako, Zeberio udalerriko baserri-auzoen zerrenda. 40 izen daude. Gehienek ez daukate Wikipedia orririk eta dauden askok oso informazio pobrea dute.
Norbaitek pentsa dezake… baina merezi du benetan Zeberioko auzo horiekin guztiekin, orri bana sortzea Wikipedian, eta argazkiz eta informazioz hornitzea?
Eta zergatik ez? Baserri-auzo eta herrixkak ez dira anekdotak Euskal Herriaren geografian eta historian. Xamarrek deskribatu izan du Orhipean liburuan, nola herrixken banaketak logika geografiko bat duen. Baserri isolatua kantauri isurialdean, sarritan baserri-auzoetan antolatuak. Herrixka txiki eta konpaktoagoak mediterranear isurialdeko mendialdeetan, eta herri handiagoak azkenik, Ebro ibaiko lautadetan, Euskal Herriko hegoaldeko muturrean.
Wikikunde proiektuaren xedea guzti hauek auzolanean Wikipediara ekartzea da.
Hemen egin klik azalpen zehatzagoa ikusteko Wikipediako proiektu-orrian.
Hurrengo bideo honetan ere azaltzen dut:
Hedabideetan azaldu genuen proiektuaren zernorakoa
Zuk ere parte hartu nahi baduzu, idatzidazu!